Urdinek Arenasen aurkako porrotarekin ekin diote prestaketari
Urdinek 2026-27 denboraldia prestatzeko lehen lagunarteko partida jokatu dute gaur Urritxen, non jende ugari bertaratu da. Lehenengo proban Jon Castrillo entrenatzaileak irakatsi nahi dituen kontzeptuak hartzeko eta ligari begira motorrak kargatzeko gureak 1-5 galdu dute Lehen Federazioko Arenas Club taldearen aurka.
SDAren aldetik, hasierako hamaikakoa Murgoitio, Intxausti, Entrecanales, Diaz de Alda, Hernaiz, Ajuriagoikoa, Agirre, Azkuna, Reka, Cabo eta Etxanizek osatu dute. Arenasek hiru kolpe eman ditu partidaren hasieran, lehenengo biak korner bidez. Hortik aurrera, urdinek neurria hartu diote partidari eta hainbat aukera sortu dituzte. Horrela, Etxanizek 1-3koa sartu du 16. minutuan. Aurrelariak Rekaren pasea jaso eta bikain definitu du. Ordu erdia igarota, Azkunak gertu izan du gola, kontrako zelaian berreskuratu ostean, baina Obonen geldiketarekin egin du topo. Rekak ere gola bilatu du sarearen albora joan den falta jaurtiketa on batekin.
Bigarren zatian, hamaikakoa guztiz berrituta atera dira gureak: Petralanda, Iker Torre, Ignacio, Ekaitz Presa, Iñi, Peru, Eder, Larralde, Josep Diaz, Bikandi eta Unax Benito. Urdinek aukera bat sortu dute Josep Diaz eta Larralderen arteko konexio on batekin berdegunera itzuli bezain laster, baina Unax Benitok ezin izan du erdiraketa harrapatu oso gutxigatik. Minutuak aurrera egiten joan dira albiste gutxirekin areatan, baina Arenasek bere abaguneak aprobetxatu ditu markagailua handitzeko beste bi gol sartuta.