SD Amorebietako lehen taldeak gaur arratsaldean ekin dio aurredenboraladiari. Urdinek, Jon Castrillo entrenatzaile berriaren gidaritzapean, Urritxen egin dute 2026-27 denboraldiko lehen entrenamendua. Bigarren urtez jarraian Bigarren Federazio Mailan lehiatuko dute.

Urdinek 23 futbolarirekin abiatu dute aurredenboraldia. Pasa den urtetik jarraitzen dute Jon Altamira eta Xabier Murgoitio atezainek, Aitor Intxausti, Asier Hernáiz eta Javier Entrecanales atzelariek, Iker Rekagorri, Peru Candaudap, Jon Goienetxe eta Jon Azkuna erdilariek eta Ion Etxaniz aurrelariak. Bigarren taldetik igotzen Txaber Ajuriagoikoa erdilaria eta Unax Benito eta Unai Bikandi aurrelariak. Futbolari berriak Iker Torre (CD Laredo), Ekain Díaz de Alda (Real Racing Club) eta Ekaitz Presa (SD Leioa) atzelariak, Gorka Agirre (SD Gernika), Eder Agirregomezkorta (SD Leioa), Xalbat Larralde (Real Sociedad) eta Ignacio Angulo (SD Indautxu) erdilariak eta Ibai Cabo (Real Sociedad) aurrelaria dira. Pasa den denboraldian SDAko Jubenil A taldean egon ziren Aritz Petralanda atezaina eta Iñigo Beaskoetxea atzelaria gehitu dira aurredenboraldira.

Castrillorekin batera, hurrengo pertsonek osatzen dute talde teknikoa: Kike Gutiérrez (bigarren entrenatzailea), Markel Cascón (prestatzaile fisikoa), Pablo Azkarate (atezainen entrenatzailea) eta Sergio Del Olmo (fisioterapeuta).

Urdinak Bigarren Federazioko 1. multzoan lehiatuko dira denboraldi honetan, euskal, kantabriar, asturiar eta galiziar taldeen aurka. Gainera, aste honetan bertan jakinarazi da Atletico Astorga ere multzo honetan izango dela, hasiera batean beste multzo baten kokatuta baitzegoen. CD Arenteirok arrazoi ekonomikoengatik utzitako hutsunea beteko du. Liga iraileko lehen asteburuan hasiko da. SDAk Arosa SC taldearen aurka jokatuko du Urritxen lehen jardunaldian.

Horren aurretik, urdinek hainbat lagunarteko partida jokatuko dituzte: Arenas Club (abuztuaren 4an Urritxen), Bilbao Athletic (abuztuaren 8an Urritxen), SD Eibar B (abuztuaren 12an Urritxen), Cultural Durango (abuztuaren 15ean Tabiran), Sodupe UC (abuztuaren 19an Hurtado de Saratxon), Deportivo Alavés B (abuztuaren 22an Olaranben), SD Gernika (abuztuaren 26an Urbietan) eta Aurrera de Vitoria (abuztuaren 29an Olaranben).

Compártelo