Lehen garaipena etxean!
Urdinek ligako txapelketako lehen garaipena lortu dute Urritxen, Coruxo FC 2-1 mendean hartuta. Kanpokoek aurrea hartzea lortu dute Dani Rosasek sartutako penalti bati esker, baina Jon Castrilloren taldeak, aurreko astean egin bezala, markagailuari buelta ematea lortu du Joseba Muguruzaren eta Ion Etxanizen golen bitartez.
Talde galiziarra aurreratu da Muguruzaren penalti eztabaidagarri baten ostean. Ordu erdia bete baino lehen, Coruxo bat gutxiagorekin geratu da Cacha atezainak txartel gorria ikusi baitu baloia eskuekin areaz kanpo gelditzeagatik. Falta jaurtiketan, aurreko astean Gernikan egin bezala, Muguruzak 1-1ekoa lortu du larrua ate barrura bidalita. Jarraian, Intxaustik aurreko jardunaldikoa errepikatzetik gertu egon da, baina arean kontrola luze samar joan zaio eta Asier azkar atera da. Horrela, atsedenaldira berdinduta iritsi da lehia.
Urdinak ondo sartu dira bigarren zatian, aurkaria atzean sartuz. Josep Diazek gola sartzeko zorian izan da 57. minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Minutu bat geroago, 2-1ekoa sartu du Etxanizek Josepen erdiraketa errematatuz. Hortik aurrera, gureek abagune gehiago izan dituzte eta partida erabakita uztetik gertu egon dira, aprobetxatzeko gai izan ez diren hainbat jokaldietan. Coruxok ere 90. minututik gertu abisatu du eta Altamirak hanka salbatzailea sartu du. Galiziarrak gora joan dira azken txanpan, baina gureek abantaila defendatzen jakin dute garaipena eskuratzeko.
SD AMOREBIETA: Altamira, Intxausti, Ekaitz Presa, Iker Torre, Hernaiz (46’ Larralde), Eder, Agirre, Muguruza (84’ Diaz de Alda), Josep Díaz (71’ Ajuriagoikoa), Guillermo (90’ Unax Benito) eta Etxaniz (71’ Reka).
CORUXO FC: Cacha, Barba (74’ Santos), Rai, Guram (29’ Asier), Guille Pinin (66’ Iker), Dani Rosas (66’ Hugo Matos), Breñe, Nacho Fariña, Juan Rodríguez, Gómez (74’ Xavi Cidre) eta Naveira.
Golak: 0-1: Min. 13; Dani Rosas, penaltiz. 1-1: Min. 31; Muguruza. 2-1: Min. 58; Etxaniz.
Epailea: Iván Bastián. Txartel gorria: Cacha 27′. Txartel horiak: Muguruza eta Hernaiz; eta Dani Rosas, Guille Pinin, Asier, Gómez, Breñe, Cidre eta Santos.