Landutako garaipena Astorgan
SDAk merezitako garaipena lortu du Atletico Astorgari egindako bisitan. Urdinak jaun eta jabe izan dira, baina kostata ireki dute atea. Norgehiagokako gol bakarra Gorka Agirrek sartu du bigarren zatiaren erdialdean. Jon Castrilloren taldea sendo egon da atzean, atea hutsean mantentzeko eta ligako bigarren garaipena lortzeko.
Urdinak ondo sartu dira partidara: dominatzaileak, baloia azkar berreskuratuz eta aurkariaren area inguruan jokatuz. Hala ere, zaila zen aukera argiak sortzea, nahiz eta azkenean iritsi diren. Gillermok izan du 28. minutuan, Agirrek pase ona eman ostean, baina aurrelariaren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Gureek kontrola eramaten jarraitu dute trantsizio azkarren bidez arriskua sortzea bilatzen zuen aurkari baten aurrean. Lehen zatiko aukerarik onenak azken minutuetan heldu dira. Argiena Etxanizen izan da, bere burukada Hernaiz erdiraketa baten ondoren zutoinaren kontra jo baitu 42.ean. Zornotzarren nagusitasuna gorabehera, Atletico Astorga aurrea hartzear izan da atsedenaldira iritsi aurretik. Murgoitiok saihestu du esku salbatzaile batekin.
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzekoa izan da. Urdinek jokoaren kontrola zeramaten, baina ez zuten etxekoen defentsa zulatzeko formularik aurkitzen. Jenialtasun bat behar zen eta Etxaniz makila magikoa atera du Larralderi espaziora baloi bikain bat jartzeko. Larralde area barruan sartu da eta, jaurtiketa egin beharrean, baloia eman dio Josep Diazi, atzetik hobeto iristen baitzen, baina bere jaurtiketa atepetik atera du atzelari batek. Jokaldiak bizirik jarraitu du eta berriro gauza bera gertatu da, aurkari batek gola ukatu dio Josep Diazi. Hirugarrenean heldu da gola. Agirrek bigarren aldaratzea harrapatu du eta baloia sarera bidali du 66. minutuan. Hortik aurrera, egoera kontrolpean izaten jakin dute eta aukerak izan dituzte abantaila handitzeko, baina ez da posible izan eta azken unera arte hortzak estutzea tokatu da liga txapelketako bigarren garaipena lotzeko.
ATLETICO ASTORGA: Yari Meykher, Gabri, Palomeque, Albertín, Peláez (83’ De Prado), Cervero (71’ Cabezas), Guti (61’ Morales), Pesquera (83’ Guillem), Peral, Hoyos eta Martín (71’ Ribeiro).
SD AMOREBIETA: Murgoitio, Intxausti (89’ Ignacio), Entrecanales, Iker Torre, Hernaiz, Eder, Agirre, Larralde (83’ Diaz de Alda), Josep Díaz (89’ Azkuna), Guillermo (71’ Erik Morán) eta Etxaniz (83’ Unax Benito).
Gola: 0-1: 66’ Agirre
Epailea: Pablo García. Txartel horiak: Eder, Guillermo eta Erik Morán.